Zein da zure hautua?

lamordaza.com está financiada por tres jóvenes periodistas y los gastos nos dejan tiritando. Caen nuestras notas académicas. Nuestras familias nos echan de menos. Son muchas horas tecleando. ¿Nos invitáis a un café con una donación? Aquí te dejamos nuestro Ko-fi. ¡Gracias!

Gorka Peñagarikano

“Eta hain juxtu / ehuneko hainbesteko batean / bizi nahi dut euskaraz / derrigorrik ez dudalako”. Nahi du eta hautatzen du. Horixe da Jose Luis Otamendi azpeitiar idazlearen Hautua poemaren zatia (Kapital publikoa liburutik hartua; Susa, 2014). Euskara hutsean bizitzeko hautua egiteko aukera badu, ez da gutxi. Pribilejiatua bera; ez da gehiengoaren kasua.

25 urte pasatu dira Euskararen Eguna instituzionalizatu zenetik. Izango zen beharra abenduaren 3ari zentzu instituzionala emateko eta, pentsatu nahi dut, helburu edo erronkaren bat ezarriko zutela denboraren joanean ekiteko. Gauzatuko ote zen urteotan guztiotan. Aldatu da nabarmen gizartea, aldatu sarri aipatzen den komunitatea, eta halako moldez non egoera soziolinguistikoa ere aski ezberdina den. Apurka-apurka unibertsalizatzen doa euskararen ezagutza, batez ere gazteen artean, ulertzera heltzeraino gutxienez. Hortik praktikan jartzera jauzi nabarmena dago ordea. Soziolinguistika Klusterraren kale-neurketa horren erakusle: 1997an baino gutxiago entzun zen euskara 2016an. Jakin bai, baina ohiturarik edo behar sozialik ezean, ezer gutxirako du balio. Hezkuntza sisteman beste ikasgaien pare jartzeko besterik ez, kasu askotan.

Poema berean, lerro batzuk beherago, honela dio Otamendik: “Baina nik euskaraz bizi nahi dut / portzentaje handiagoan hala nahi badut / edo portzentaje txikiagoan gogoak ematen badit / ez hobea izango naizelako hala / ez inoren on-gaitzak osatuko direlako horrekin / baizik eta nazio puska txiki bat naizelako / eta ni naizen nazio zatitxoa izateko / ehuneko hainbesteko batean / euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako / horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna ni”. 

Identitatea

Euskara duena da euskaldun, eta euskaldun izatea bada askoren nortasun oinarria. Ezaugarri identitario bat, bere bereizgarri eta baliodun. Eta zer nolako gaitasuna daukagun gure identitateaz eztabaidan aritzeko, edonon gainera, modu eta esparru ezberdinetan, eta edonoiz. Baita, azken asteotan sarean ikusi bezala, euskara sustatzeko sortutako ekimen eta ariketa nazional batean ere: halaxe ibili gara, txapa bakoitzaren esanahiarekin jira eta buelta. Antza, identitaterik (hartu) gabe ezin euskal komunitate delako horren kide izan. Bi aste izan dira, baino etorriko dira gehiago. 

Aldiz, eztabaidak alboratu eta, harro-harro, ekintzaile, eraman dute txapa soinean hainbatek, kameren aurrean batez ere. Hain justu, duela gutxi, euskara menperatzen ez duen gizon bat euskal komunikabide publikoaren buru kokatu duten horiek. Euskaraz mintzatzeko zailtasunak dituen emakume batek hartu berri du, berriz, euskal unibertsitate publikoan errektore kargua; kazetariak, kexu, Jaurlaritzako sailburuen euskara kaskarragatik; eta larrialdiaren izenean ere zenbatetan geratu den bazterrean euskara, ezin imajina. Azken finean, zer duzu nahiago, mediku ona ala mediku euskalduna? Ba horixe. Hor gabiltza, oraindik ere, eztabaidan. Kontua da halako ekimen eta egunak sustatu eta ospatzen jarraitu beharrean gaudela, aldi berean, egunak joan eta egunak etorri, euskarak kolpeak jasotzen dituenean han-hemenka. Zenbat aldiz, gainera, diru publikoz babestutako jardueretan. 

Herriko KALEETAN – MARINA (MARINA PERAL)